XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta, azkenik, laugarren taldean, dantzarako pista eta guzti musika izateko eta ikuskizunak egiteko baimena dutenak (diskotekek, dantzalekuak, kafe-antzokiak edo ikuskizuna duten jatetxeak) daude.

Azken hauek 04:00ak arte egon ahal izango dira zabalik.

Iritzi ezberdinak

Javier Gabilondo Gobernazio zinegotziaren arabera, lehengo araudiak hutsune asko zituen eta lokalen batek arazo bat zuen bakoitzean nahikoa zitzaion haziendan lizentzia fiskala aldatzea.

Orain ez da hori gertatuko.

Udaleko irekiera lizentzia hartuko da kontutan lokal bakoitzaren kategoria zehazteko eta lokal bakoitzak bere kategoriari dagozkion baldintzak bete beharko ditu.

Gabilondoren ustez, araudi berriak ez du aldaketa haundirik ekarriko; dekretua Barne Saila, EUDEL udalen elkartea eta komertzianteen ordezkarien artean landu da eta ixteko ordua ordu erdi besterik ez da aurreratzen.

Orain arteko ordutegia batzuek betetzen zuten eta beste batzuek ez eta piskat horren kontrola hobetzeko landu da araudi berria.

Kexarik jasotzen dugun?

Inguruan lokalak dituztenak kexatzen dira, bai.

Auzoetan ez da zaratarik sentitzen, baina zentruan, denok dakigun lekuetan, bai.

Udalak izango du kontrolaren konpetentzia eta Bergarako kasuan Udaltzaingoa eta Ertzaina izango dira ordutegia betetzeaz arduratuko direnak.

Duela 15 egun Udalak Bergarako ostalaritza arloko jabeei araudia jakinarazteko konpromezua hartu bazuen ere, kontsultatutako tabernariek prentsatik bakarrik jasotakoa ezagutzen dutela adierazi digute.

Ostalaritza arloko langileak, esan bezala, nahiko kezkaturik daude gai honekin.

Inazio Larrañaga Sirimiri jatetxeko arduradunak esaten digun moduan, Europara egokitzeko araudia izango da beharbada, baina ez dut ulertzen.

Aste osoan betetzen dugu ordutegia eta astean behin (zapatuan normalean) beranduago ixteagatik ez dut uste ezer pasatzen denik.

Batik bat gauez lan egiten dugu eta ordutegia murrizten badigute....

Ariznoa tabernako Juan Etxabarri ere iritzi berdinekoa da; ordu erdian aurreratzen digute ixteko ordutegia, baina kontua da ohiturak aldatzen doazela; jendea gero eta beranduago kaleratzen da eta askotan gaueko 12:00ak arte ez da ezer egoten.

12:00etatik 03:00ak bitarteko tarte hori besterik ez zaigu geratzen benetan ondo lan egiteko.

Agustin Iñarra Zer-Nai tabernako jabearen ustetan, jendea lehen askoz lehenago irtetzen zen.

Ia aste osoan zehar anbientea egoten zen herrian eta orain, berriz, oso makal dago.

Araudia ikusita, jendea orain baino lehenago irten beharko da etxetik anbientea sortzeko....

Ordutegi bereziak

Araudi berriaren arabera, udalek ahalmena izango dute ordutegi bereziak baimentzeko herriko jaietan, jaiegun berezietan edota arrazoi turistikoak kontutan hartuz.

Horrela, lokal eta instalazioak ixteko ordutegia ondoko kasuetan haundituko da: ordubete ostiral, larunbat eta jaiegunetan; ordu erdi ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean eta, azkenik, bi ordu herriko jaietan, Aste Santuan (ostegunetik astelehenera arte), Aratuzteetan (ostegunetik asteartera) eta Gabonetan, abenduaren 21etik urtarrilaren 6ra bitartean.